943 60 45 55 - 627 81 95 74

AXULAR ARIZMENDI

Axular Arizmendi Urkiza (Mutriku, Gipuzkoa, 1982). 1989an, zazpi urterekin eman nituen nire lehen urratsak musikaren munduan, eta esango dut Mutrikuko udal musika bandan perkusioa ikastera sartu nintzenean hasi zela daukadan musikarekiko zaletasun sakona. Ordutik, musika izan dut nire bizitzaren bidaia laguna. Makina bat urtetan izan naiz perkusio jotzailea, musika ikasketak egin ditut eta, neure kasa ere, perkusioa landu dut. Kantuak sortzeaz gaindi, neuk egiten nituen hasierako sasi grabaketa eta nahasketak. Hainbat kontzertu eman ditut. 1999an grabazio estudioa eraikitzea pentsatu nuen, eta AME Estudioak sortu nituen 2002an. Bakarlari hasi nintzen Axular Dj izenarekin eta, gero, hainbat musika taldeetako kide izan naiz (ATD, Etsaiak, Nahixan, EtsaiakEroak...). 12 disko argitaratu ditut eta ehunka kontzertu eman ditut. Beraz, 2002tik aurrera, agertoki gainean musikari izan naiz, agertokiaren aurreko soinu-mahaian teknikari lanetan jardun dut eta grabaketa estudioan soinu ingeniari eta diskoen ekoizle lanak egin ditut. Horiek dira oraindik ere musikarekin ditudan loturak. Honek esan nahi du urte hauetan guztietan hamaika musikarirekin lan egin dudala, hainbat musika talde etorri direla AME estudioetara diskoa grabatzera (Sonakay, Aneguria, Ibai Marin, Hira, E.T.S, Garoa, Lauroba, Txapelpunk, EtsaiakEroak, Labrit, Nomadak, Emon, Txuma Murugarren, Elbereth, Hara!, Manugaitza, Ertzak...) Guztira 140 disko grabatu ditut.

Estudioan, mantra bat bezala diogu artistari gure filosofia zertan datzan: sortzailearen ikuspuntua, sena, talentua eta intuizioa kontuan hartuko ditugu eta bidelagun izango gara sormenean, prozesuan lagungarri izateko eta bizipoza areagotzeko.

Axular